Marta Ajuria Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Saileko Zinegotzi Ordezkariak eta Estibaliz Hernaez Laviña Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiarkotasuneko Sailburuordeak eta METAPOSTAko presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur goizean postontzi eta dokumentu-gordailu elektronikoa Udalak herritarrekin dituen komunikazioetan erabiltzeko.
Hasiera batean, Metaposta sistema udal zerga eta tasei buruzko dokumentuak igortzeko erabiliko da, baina sinatutako hitzarmenak zirrikitua uzten du etorkizunean Udalaren beste zerbitzu eta sail batzuen informazioa sartzeko eta izaera pertsonalagoa duten dokumentuak igortzeko, esate baterako, nominak, fakturak, jakinarazpenak edo albisteak, betiere publizitatekoak ez badira.
Lankidetza herritarren dokumentuen isilpekotasuna bermatzeko
Horretarako, Bilboko Udalak eta Metapostak lankidetzarako kanal iraunkorrak edukiko dituzte, arlo horretako sinergiak eta esperientziak partekatuta. Ildo horretan, Metapostak udal sistema informatikoari lotzeko beharrezko asistentzia teknikoa eta laguntza eskainiko ditu. Gainera, antolakuntzan eta maila teknologikoan behar diren irtenbide guztiak ezarriko ditu zerbitzuaren erabiltzaileen datu pertsonalen osotasuna zaintzeko, une orotan datu horiek galtzea, beste batek erabiltzea edo baimenik gabe ikustea eragotzita.
Metapostaren bidez udal dokumentazioa modu digitalean jasotzeko eta fitxategian gordetzeko zerbitzu berriaren abantaila guztiez baliatu ahal izateko, erabiltzaileek aldez aurretik askatasunean emandako zalantzarik gabeko haien baimen espezifiko eta informatua erakutsi beharko dute.