Arrakastatsua izan da, jende kopuruaren eta edukien aldetik, METAPOSTAk eta SPRIk Enpresa Digitala konpainiaren bidez abian jarritako eraldaketa digitalari buruzko lehen jardunaldia. Estibaliz Hernáez sailburuordeak inauguratutako saioan, digitalizazioaren arloan administrazioek eta enpresek dituzten apustu eta erronkak aletu ziren.
Hizlari izan genuen Genis Roca, eraldaketa digitaleko aditua, eta PuntCAT fundazioko presidentea; haren ponentzia markoak ez zuen inor axolagabe utzi. Rocak argi utzi zuen funtsean kudeaketa aldaketa baten aurrean gaudela; eta, horretarako, subsidiarioa dela teknologia.
Genis Rocaren ondoren, lehenengo mahai inguruan, «Norena da datua?» gaia landu zuten.
METAPOSTAko zuzendari nagusiaren ustez, «datua beti izango da sortzen duenarena; baina, plataformetan kudeatzean, datuak ez dira pertsonaren esku izaten, hirugarren baten esku baizik. Horregatik da garrantzitsua sarbide hori errespetatzea». SPRI Taldetik, Iñaki Suarez transformazio digitaleko zuzendariak adierazi zuen gure erronka nagusia dela enpresei prozesu digitaletan laguntzea. Bestalde, Alex Etxebarria EJIEko zuzendariak onartu zuenez, «zailtasuna datza datuaren jabeak bere informazioa eskuratzeko edo ezabatzeko eskubide hori gauzatzeko moduan».
Izaskun Urrestarazu Izenpeko zuzendariaren ustez, «pandemiak sinadura digitalari ekarri dion bultzadak ez du aurrekaririk».
Enpresa liderrek eta hezkuntza munduko arduradunek osatutako bigarren mahai ingurua baliagarri izan zen AERNNOVA, LANTEK edo GUREAK enpresek abian jarri dituzten jardunbide onenak ezagutzeko, bai eta enpresek arlo horretan Egibide edo EHU ikastetxeekin duten lekua ikusteko ere.
Leyre Madariaga Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak itxi zuen saio interesgarri hori. METAPOSTAtik bihotzez eskertzen diegu saioa posible egin duten guztiei.