Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren konfiantzazko zerbitzu elektronikoen emaileen (kualifikatugabeen) katalogoan sartu dute METAPOSTA

Baina, zer da konfiantzazko zerbitzu emaile bat? Lehenago «konfiantzazko hirugarren bat» deitzen zena da, eta Europako eIDAS (Electronic Identification and Authentication Services) araudiaren testuinguruan sortzen da.

Europako erregelamendu horren asmoa da merkatu digital bakarrera iristeko oztopo nagusietako bat gainditzea: eIDAS argitaratu aurretik, estatu kide bakoitzak bere ziurtagiri digitalak egiten zituen (pertsonak eta enpresak identifikatzeko balio duten dokumentu elektronikoak, alegia). Arazoa zen ziurtagiri horien baliozkotasuna herrialde jaulkitzailearen mugetatik kanpo ez zegoela bermatuta, eta ziurtagiriaren erakunde jaulkitzailearen eta Europar Batasuneko beste edozein estatutako erakunde jaulkitzailearen arteko hitzarmenen mende zegoela.

Katalogo hori sortuz, Espainiako araudia Europakora egokitzea lortu nahi da, identifikazio elektronikoari eta transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei dagokienez (merkataritza elektronikoa, dokumentuen sinadura, faktura elektronikoen jaulkipena eta administrazio publikoen beste kudeaketa batzuk). Elkarreragin seguru horiek konfiantzazko zerbitzu elektronikoen emaileek bermatzen dituzte, eta sinadura elektronikoak, zigilu elektronikoak, denbora zigiluak, entrega elektronikoko zerbitzu ziurtatuak eta zerbitzu horiei buruzko ziurtagiriak sortzeko, egiaztatzeko eta baliozkotzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte, besteak beste.

Hartara, METAPOSTAren transakzio digitaletarako soluzioek aukera ematen dute dokumentuak modu azkar eta seguruan sinatzeko, legezko berme guztiekin. Izan ere, sinadura elektroniko aurreratua dute, eta sinadura hori: a) sinatzailea identifikatzeko eta sinatutako datuen ondorengo edozein aldaketa detektatzeko aukera ematen duena da; b) modu bakarrean lotuta dago sinatzaileari eta aipatutako datuei; eta c) sinatzaileak bere kontrol esklusiboaren pean eduki ditzakeen bitartekoen bidez sortu da.

Kualifikatua versus kualifikatugabea

Zerbitzu bat kualifikatutzat jotzeko eta konfiantzazko zerrendan sartzeko, Europar Batasuneko estatu kideren batean kokatutako egiaztapenerako estatu eremuko organismo batek egiaztatutako ebaluazio erakunde batek emandako adostasunaren ebaluazio txosten batean oinarritu behar da. Ordutik aurrera, emaile kualifikatuek gutxienez hogeita lau hilean behin bidali beharko dute txosten hori.

Hala ere, emaile kualifikatugabeek zerbitzuak eman ahal izango dituzte Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak aldez aurretik egiaztatu gabe, baina zerbitzua eman izana jakinarazi beharko dute beren jarduera hasi eta hiru hilabeteko epean, Administrazioak kontrola dezan.