“METAPOSTA” izenaren jatorriari buruz
“Euskadi Informazioaren Gizartean 2010 Planaren” barruan e-Bok-en (Danimarka) antzeko dokumentu-gordailu elektronikoaren sistema bat garatzeko proposamen espezifikoa sartzeak sorrarazi zuen proiektu horri izen berezia emateko premia. Lehenengo ahaleginetan “Orri Pertsonalen” alorrean nazioarteko proiektu multzo baten izenak aztertu ziren.
Arakatzen jarraitu genuen, eta kontzeptuak bilatzen hasi ginen, proiektuaren asmoarekin zerikusia izanik, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez esanahia izan zezaketen kontzeptuak, alegia. Ahalegin horien ondorioz, “METAPOSTA” hitza sortu zen bi pertsonak proposatutako bi termino bateratuta. Lehenengo terminoak “Meta” hitzak duen interesari egiten dio erreferentzia, bigarrenak, berriz, “Posta” kontzeptua eransten du. Bi horiek elkartuta sortzen da “METAPOSTA”.
Euskaraz “meta” hitzak lasto edo iratze piloa esan nahi du, normalean zelaietan edo baserrietatik hurbil egoten dena. Euskararen dohainetako bat da izen batetik zuzenean aditzak sortzeko aukera ematen duela. Horregatik, “meta” terminotik “metatu” aditza sortzen da erraz (pilatu, gorde, hornitu).
Euskaraz, “meta” terminoak oso konnotazio positiboa du, etorkizuna hornitzearekin edo prestatzearekin lotuta baitago. Izan ere, lastoa edo iratzea etorkizunean, behar denean, erabiltzeko pilatzen dira. Hortaz, izaera positiboaren adibide gisa, esan behar dugu Jose María Arizmendiarrieta apaizak -Arrasateko kooperatiba-mugimenduaren sustatzaileak eta Euskadiko Kutxaren sortzaileak- azaltzen zuen kooperatiben finantza-erakundeak sortzerakoan asmoa honako hau zela: “lehenengo metatu, gero baliatzeko”.
Egia da euskaraz “meta” (piloa, mordoa) terminoaren ondorioz honako izen hauek sortzen direla: belar-meta, egur-meta, eta abar. Eta hori kontuan hartuta onar genezake METAPOSTAren euskarazko hitz egokia Posta-Meta izan zitekeela. Baina kontua da METAPOSTA hitzaren sortzaileen buruan ez dagoela proiektua mezu edo gutun pilo bat izatea.